Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Aulesti
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-05-15;Urte osoan kultur eskaintza zabala edukitzeko asmoa erakutsi du Udalak. Aulesti Aurten berrikuntza bat bultzatu du: herriko ondarea babestuko duen taldea sortu du.

Urte osoan kultur eskaintza zabala edukitzeko asmoa erakutsi du Udalak

Aulesti Aurten berrikuntza bat bultzatu du: herriko ondarea babestuko duen taldea sortu du.

asier alkorta

Aulestiko Udalak berak antolatzen dituen kultur ekintzez gain, herriko taldeek antolatzen dituztenei ere lagundu behar zaiela azpimarratu du, «herriko kultur eskaintza zabaltzen laguntzen dutelako». Bide horretatik, urte osoan herriko kultura bultzatzearen alde onartutako egitasmoak aurkeztu ditu. Besteak beste, orain, herriko ondarea babestuko duen taldea sortu du.

Iaz egin modura, aurten ere kulturak bere lekua edukiko du Udalean. Horrela bada, printzipioz, 86.600 euro arlo horretara bideratzea aurreikusi du. «Gure asmoa herrian kultur eskaintza zabala edukitzea da», azaldu du Gaizka Arriaga kultura zinegotziak. Aurten, Udalak beste pauso bat eman nahi izan du, eta herritarren laguntzagaz, talde berri bat eratu du. «Talde horrek herriko ondarea babestuko du, mendiko ibilbideen zaintza bermatzeaz gain». Horrela, Aulestiko kulturaren zati diren baliabideak babestuko dituzte. «Iturri zaharrak eta bestelako baliabide batzuk zerrendatu eta babestuko ditu taldeak», argitu du Arriagak.

Baina berrikuntza horretaz gain, Aulestiko kultura arloak beste ekimen batzuk ere bildu ditu aurtengorako. Horien artean, duela hilabete egin zen Artedrama Euskal Laborategia. «Ander Lipusek lan gogorra eta handia egiten du Artedramagaz, eta horrek herriko kultura sustatzen du; Udalak 18.000 euroko diru laguntza bideratzen du ekimen horretara. Lipusegaz beste zer edo zer egitea ere aurreikusten dugu». Gabonetako kultur ekintzak antolatzen ere beste horrenbeste gastatzen du Udalak.

Antolatutako ekimenei herriko gainerako taldeek antolatzen dituztenak gehitu behar zaizkie. «Guk 12.000 euro banatzen ditugu herriko taldeen artean, beraiek ere herriko kulturaren euskarri dira eta».

Ikastaroak eta helburu berriak

Iaz egin legez, aurten ere tailerrei eta antzerkiei leku egingo diete Aulestin; ikastaroak ere antolatuko ditu Udalak. «Sukaldaritza, lorazaintza eta bertsolaritza ikastaroak antolatzea aurreikusten dugu, herritarren artean arrakasta edukitzen dute-eta ikastaro horiek». Udaleko ikastaroez gain, herriko elkarteek ere hainbat tailer antolatuko dituztela esan dute.

Irakurzaletasuna bultzatzea ere Udalaren aurtengo helburuetako bat da. «Liburutegian hainbat hizkuntzatako liburuak ditugu: euskarazkoak, gaztelerazkoak, frantsesezkoak eta ingelesezkoak. Herritarren artean irakurtzeko zaletasuna bultzatu nahi dugu».

Auzoetako jaiei bideratutako laguntza ere handitu egin du Udalak: 450 euro jasotzetik 600 euro jasotzera pasatuko dira.

Guztira, aurrekontu osoaren %4 bideratuko du Udalak kulturara. «Guztia herriko kultura suspertzeko asmoz».

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.