
II. Kross-Country moto lasterketa puntuagarria zapatuan jokatuko dute
Aulesti Bi lasterketa, gaztetxoen erakustaldia eta 'Igoera igoezina' egiteko 87 motorzale batuko dira zapatuan.
asier alkorta
Zapatuan Aulestiko II. Kross-Country moto lasterketa jokatuko dute hainbat motorzalek. Txapelketan lortzen diren emaitzak Euskadiko Kross-Country Txapelketarako eta Promoto-Pirelli Koparako puntuagarria izango dela iragarri dute antolatzaileek. Guztira, 87 parte-hartzaile egongo dira.
11:00etan hasiko da II. Kross-Country Txapelketa. Ordu berean egiaztapenak egingo dituzte antolatzaileek. Dena egoki dagoela ikusten ibiliko dira arduradunak 13:00ak heldu artean. Gero, ikuskatze aldia hasiko da 15:45ean, eta lasterketari hasiera emateko dena prest dagoela ikusi eta gero, 16:00etan lehenengo lasterketa egingo dute.
Lasterketetan parte hartuko duten 87 motorzaletik zazpi gazteak izango dira. «Gazteek beste lasterketa bat egingo dute, Gaztetxoen erakusketa izenekoa». 17:15ean hasiko da.
Behin gazteenen txanda amaituta, bigarren lasterketa egingo dute nagusiek 18:00etan. Egunari amaiera emateko, 19:00etan, Igoera igoezina deituriko froga egingo dute. «Izen hori ipini genion, aldapa handiko igoera delako eta parte-hartzaileak ezin igota ibiltzen direlako; oso gaitza da bide hori».
Antolatzaileen esanetan, lasterketa biak ordu betekoak izango dira gutxi gorabehera, eta zirkuituak bost kilometroko luzera edukiko du. «Gidari onenek zortzi bat minutu beharko dituzte buelta bat emateko».
Txapelketako faboritoak
Iaz, estreinakoz egin zen txapelketa, eta 40 gidarik parte hartu zuten; aurten, ostera, motorzale kopurua bikoiztu egin da. Horrela, argi dago urterik urte txapelketa gero eta indar gehiago ari dela hartzen.
Aurtengo faboritoen artean, Aitor Alzaa, Iortiz Odiaga eta Joxe Lekuona aulestiarrak daude.
Lasterketako irabazleak dirutan saririk jasoko ez badu ere, iaz egin legez, trofeoak banatuko dituzte lehen postuetan geratzen direnei. «Dirurik ez dugu emango, baina egindako esfortzua eskertzeko zer edo zer emango diegu».
Dena prest dago zapaturako: belardiak, baso inguruak eta jauzi ikusgarriak. Edozelan ere, puntako ikuskizuna izango da Kross-Country-a.
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.