Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Aulesti
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-06-17;Motor hotsak mendi artean. 16:00etan hasi eta 19:40 arte luzatu da bigarrenez egin den txapelketa; nagusien lasterketetako tentsioa lasaitzea lortu du gaztetxoen erakustaldiak.

16:00etan hasi eta 19:40 arte luzatu da bigarrenez egin den txapelketa; nagusien lasterketetako tentsioa lasaitzea lortu du gaztetxoen erakustaldiak.

Motor hotsak mendi artean

asier alkorta

Urriola auzoko landek burrunbadaz betetako asteburua izan dute oraingoan. Ohiko lasaitasunetik ihes eginda, zapatuan landa eremu horiek txapelketa baten lekuko izan ziren: Aulestiko II. Cross-Country Txapelketa. Motor hotsak mendi puntatik entzuten baziren ere, bertaratutakoen animo oihuak askoz urrunago ailegatzen ziren.

Antolatzaileek esan modura, 16:00ak puntu-puntuan zirenean hasi ziren II. Cross-Country Txapelketako parte-hartzaileak euren ibilgailuen motorrak martxan ipini eta mendian barneratzen. Txapelketa ikustera joan zirenak belarretan jarri ziren, belardietako tontor txikiei harmaila itxura emanez.

Belardi zabalean prestatutako zirkuitua egin eta gero, mendian gorantz abiatu ziren parte-hartzaileak. Gorabehera askoren ostean, eta behin edo birritan lurrera jausi eta gero, zirkuitua menperatu zuten motorzaleek.

Nagusien mailan, Juan Luis Gonzalez izan zen garaile, eta gazteetan Jon Agirrebeitia berriztarra. Bertokoen artean, Aitor Alzaa aulestiarrak gazteen mailako trofeoan hirugarren postua lortu zuen, eta guztira, zirkuituari hamar bira eman zizkion, 1:46:28ko denbora eginez.

Gaztetxoen txanda

17:15ean gaztetxoek erakustaldia egin zuten, eta horrek tentsioa baretzea lortu zuen. Hala ere, ikuslegoa orduan inoiz baino biziago ipini zen. Animo oihuak egiteaz gainera, parte-hartzaileak behe- gainera jausten baziren ere, publikoa zen lehenengoa laguntza eskaintzen.

Azkenik, 19:00etan, Igoera igoezina egin zuten, eta horretan nekez ibili ziren motorzale guztiak. Horma zuzen bat zirudien aldapa igotzeagaz nahikoa eduki zuten.

Beste behin ere, basaz betetako txapelketa ikusgarria izan zen zapatukoa, eta bertaratutakoek arratsalde on bat pasatzeko aukera eduki zuten.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.