Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Aulesti
2008ko abenduak 3, Eguaztena

;2008-06-19;´Hiru Handiak egiteko indar fisikoak besteko garrantzia du psikikoak». Kirola Proba gogorra bada ere, beste behin ere parte hartuko lukeela esan du Urionabarrenetxeak; Solozabalek, ostera, behin joanda nahikoa daukala dio. JUAN LUIS SOLOZABAL ETA IGOR URIONABARRENETXEA õ . Mendizaleak

Juan Luis solozabal ETA igor urionabarrenetxea ðMendizaleak

«Hiru Handiak egiteko indar fisikoak besteko garrantzia du psikikoak»

Kirola Proba gogorra bada ere, beste behin ere parte hartuko lukeela esan du Urionabarrenetxeak; Solozabalek, ostera, behin joanda nahikoa daukala dio.

asier alkorta

Joan den zapatuan egin zuten bi urterik behin egiten den Hiru Handiak 100 metroko zeharkaldia, eta parte-hartzaile guztien artean, Igor Urionabarrenetxea (Aulesti, 1982) eta Juan Luis Solozabal (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, 1952) egon dira. Lehenengoak hamargarren postuan amaitu du ibilbidea, eta bigarrenak ere ez du ez denbora makala egin. Mendiko zapatilak kendu berri, mendi magalean euren balentriak kontatzeko tarte bat egin dute.

Zelan animatu zineten txapelketa honetan parte hartzera?

Juan Luis Solozabal: Nire emaztea Igorren izena ematera joan zen Lekeitiora, eta hurrengo egunean, ni ere animatu eta izena ematera joan nintzen; ordurako, ostera, ez zegoen lekurik, dena beteta zegoen. Baina tailerreko bat izena emanda zegoen, eta ezin zuen joan. Beraz, bere izenean parte hartuko nuela esan nion, eta horrela izan da.

Igor Urionabarrenetxea: Orain dela urte bi joan nintzen lehenengoz, eta berriro parte hartzeko asmorik ez banuen ere, gogoa sartu zitzaidan, eta animatu egin nintzen. Behar moduan preparatu eta ibilaldi gogor hau egiten atrebitu nintzen, beste behin ere.

Txapelketak hiru mendi bata bestearen atzetik igotzea eskatzen du: Aizkorri, Anboto eta Gorbea. Ibilbide gogorra, ezta?

Solozabal, J.: Bai, gogorra da benetan. Gainera, ez gaude gauean mendian ibiltzera ohituta, eta hori gogorra egin zitzaigun. Behe lainoagaz eta euriagaz, ibilbidea nekez egin genuen.

Urionabarrenetxea, I.: Gauez ez genuen ezer ikusten, eta itsu-itsuan aurrera egin behar izan genuen, denborarik ez galtzeko.

Zein ordutan hasi zineten mendiak igotzen?

Urionabarrenetxea, I.: Barikutik zapatura arteko 00:00etan hasi ginen; iluntasunik handienean, paisaia ikusgarria zegoen Aizkorrin.

Ibilbide osoa taldean ala bakarka egin zenuten?

Solozabal, J.: Guztira, 1.200 mendizale ginen, eta ondorioz, beti zegoen baten bat inguruan. Bidea markatzeko antolakuntzak ipinitako fokoek ere asko lagundu ziguten gaueko ibilaldia egiten hasi ginenean.

Hortaz, antolakuntzak ondo zehaztuta edukitzen du ibilbidea.

Solozabal, J.: Bidea oso ondo egoten da markatuta, fokoekin eta sokagaz. Antolakuntzak ondo zaintzen du ehun kilometroko bidea.

Proba honetara aurkezteko, mendizale amorratuak izango zarete, ezta?

Solozabal, J.: Ni neu betidanik joan izan naiz mendira, eta zaletasun horri segituta parte hartu dut txapelketa honetan.

Urionabarrenetxea, I.: Nik mendiko lasterketak egiten ditut, eta proba honek mendiagaz zerikusia zuenez, parte hartzea erabaki nuen.

Proba hau ere korrika egin duzu?

Urionabarrenetxea, I.: Zati batzuetan lasterka egin nuen, baina beste batzuetan ezinezkoa zen. Anbotoko ibilbidea labana zegoen eta ezin zen korrika egin.

Zein izan zen ibilbide osoko tarterik gaitzena?

Solozabal, J.: Anboto izan zen gaitzena. Denbora asko behar izan genuen mendi hori zeharkatzeko.

Urionabarrenetxea, I.: Anboto jaisten hasi nintzenean, antolakuntzak oraindik soka ipintzeko zuen, eta asko kostatu zitzaidan beheranzko bidea egitea. Lurra busti-busti eginda zegoen.

Beraz, antolatzaileei ere aurrea hartu zenien.

Urionabarrenetxea, I.: Anboto jaisteagaz batera, gizon batzuk ikusi nituen maletekin, eta soka ipiniko zutela pentsatu nuen. Ordurako, baina, ni behean nengoen.

Mendirik mendi ibiltzen ohituak zaudete. Ba al daukazue gustukoen daukazuen mendirik?

Solozabal, J.: Niretzat Txindoki da mendirik onena. Paisaia ikusgarriak edukitzeaz gain, erosoen sentitzen naizen mendia dela esango nuke. Gainera, mendi horretan ez dago arrisku handirik.

Urionabarrenetxea, I.: Denen artean, Urregarai aukeratzen dut. Berton daukagu, eta gustura igotzen naiz ahal dudanetan.

Euskal Herriko gailur guztien artean, hiru erregeak al dira Aizkorri, Anboto eta Gorbea?

Solozabal, J.: Nagusienak ez badira ere, ezagunenak eta bisita gehien edukitzen dituztenak dira. Batera egiteko ondo daude.

Urionabarrenetxea, I.: Hiruren artean Anboto txikiena da, eta izatez, badaude bera baino garaiagoak. Nik uste ibilbidea lotzeko sartzen dutela Anboto, baina hala ere, ez da edozelako mendia; ospe handikoa da.

Zuek aurrera egin baduzue ere, proba bertan behera laga dutenak ere asko izango ziren, ezta?

Solozabal, J.: 70 kilometro egin eta Otxandiora ailegatzean, nekatuta, Gorbeari begira, bertan geratzen ziren parte-hartzaile asko.

Urionabarrenetxea, I.: Hiru Handiak egiteko indar fisikoa besteko garrantzisua da psikikoa. Psikikoki gogor ez bazaude, ezingo duzu proba amaitu.

Ibilbide osoa, gehienez, 24 orduan egin daiteke. Probaren gogortasuna ikusita, muga egoki ipinita dagoela uste duzue?

Solozabal, J.: Batzuk txapelketatik kanpo ere geratzen dira, denbora gehiegi egitearren. Hala ere, 24 ordu betetzeko minutu gutxi falta zirenean jende asko sartu zen helmugara.

Gailurretara ailegatzean, ohiturei jarraiki, hamaiketakoa egiteko denborarik eduki zenuten?

Urionabarrenetxea, I.: Ez, ez. Hamaiketakoa egiteko ez zegoen denborarik. Tontorra ukitu eta berriro behera. Urte bi lehenago egin nuen denbora hobetzera joan nintzen, eta ez nuen hamaiketakoa egiteko astirik.

Lortutako emaitzekin gustura zaudete?

Urionabarrenetxea, I.: Nik ez nuen espero hamargarren postua lortzea, eta noski pozik nagoela. Orain urte bi baino ordu bi eta erdi arinago ibili naiz, eta horrek hobekuntza bat islatzen du.

Solozabal, J.: 19 ordu eta 47 minutu behar izan ditut proba egiteko, eta gustura geratu nahiz lortutako emaitzagaz.

Bi urte barru berriro parte hartzen ikusiko zaituztegu?

Urionabarrenetxea, I.: Ez dut baiezko borobilik esango, baina litekeena da.

Solozabal, J.: Nik nahikoa eduki dut honegaz. Momentu jakin batean egin dudan abentura izan da, eta bizitakoagaz asetuta geratu naiz.

############

Gauez ez genuen ezer ikusten, eta denborarik ez galtzeko, itsu-itsuan egin genuen aurrera

############

Anboto jaisten hasi nintzenean, antolatzaileek oraindik sokarik ez zuten ipinita

############

Agenda

DEIALDIAK

Argazki zaharren erakusketa
LEKEITIO, - 2008-11-25

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.