Edukira joan

Lea-Artibai eta Mutriku

Aulesti
2008ko abuztuak 28, Eguena

;2008-06-22;Osagarri askogaz prestatutako jaia.

Xabi Urberuaga, Asier Zenarruzabeitia eta Iñaki Goitia pilotariak udaletxeko balkoira igota, San Joan jaietako txupinak sei eguneko jaiari eman dio hasiera; Mireia Korta izan da aurtengo VIII. Paella Lehiaketa arrakastatsuko irabazlea.

Osagarri askogaz prestatutako jaia

asier alkorta

Eskolako jaialdia, sardina jana, txupina, kontzertuak kalejira, lehiaketa bat eta bazkari herrikoia. Sei osagarri horiekin aulestiarrak punta-puntako giroagaz hasi dira San Joan jaiak ospatzen. Herenegun gauean txupinaren eztandagaz hasi ziren jai-ak, eta atzo, paella lehiaketagaz jarraitu zuten herritarrek; ekintza bien arteko orduetan, ostera, musikak eta dantzak lekua egin zuten herriko tabernetan.

Xabi Urberuaga, Asier Zenarruzabeita eta Iñaki Goitia pilotariak izan ziren herenegun gauean Aulestiko sanjoanei hasiera eman zietenak. Udaletxeko balkoitik kirolari bakoitzak botatako suziriaren oihartzuna Santa Eufemira helduaz batera hasi zen jaia herrian. Aurretik ere, herritarrak giroan sartuta zeuden: eskolako jaia egun osora luzatu zen, eta iluntze partean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta, sardina jana egin zuten.

Atzo eguerdian, 13:30ak aldera, euskal preso politikoen eskubideen aldeko kalejiran elkartu ziren. Jorge Etxebarrieta Txortx-en askatasuna aldarrikatzeko, trikiti eta pandero soinuen atzetik ibili ziren herritarrak tabernarik taberna.

Paellaren ordua

Bien bitartean, beste herritar batzuk garajeetan bilduta zeuden, paellari begira. Izan ere, VIII. Paella Lehiaketa 14:30etan zen, eta ordurako, paella guztiak plazan egon behar zuten.

Mimo eta kontu handiz egindako paellak izanda, batak besteak baino itxura hobea zeukan. Aulestiarrek argi laga zuten beste behin ere jaiak antolatzen ez ezik, sukaldatzen ere trebeak direla.

Hamazortzi paella aurkeztu ziren lehiaketara, zein baino zein, eta bertso bazkarirako joan baziren ere, azkenean, Unai Iturriaga eta Xabi Paia izan ziren epaimahaiaren lekua hartu zutenak. Estu-estu, puntu gutxiko aldeagaz, Mireia Korta aulestiarraren paella izan zen irabazlea.

Sariak banatzeko momentua ailegatuta, Udalak hiru banatu zituen. Ondoren, udaletxeko arkuetan bertso bazkari herrikoia egin zuten. Bazkaldu eta gero, karaokean abesten hasi ziren aulestiarrak.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)

eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.